Gauzak ongi doazela, barruan erabiltzen dituzten aplikazioak kanpora begira ere saldu daitezkela uste dute Logikalinen, eta ate hori zabaldu nahi dute. “Beti izan ditugu gure lanerako barne aplikazioak, baina orain, horiek indartu, berrien garapenean murgildu eta teknologi berriak aztertu nahi ditugu, eta akordio hau horretarako oso baliogarria izan daiteke. Ikerketa eta garapenaren alorrean, bai barrura eta baita ere kanpora begira, lehen eskaintzen dugunaz gain, produktu berriak eskeini ahal izatea izango litzateke gure helburuetako bat, gaur egun ditugun aplikazioei ahal den etekin handiena ateratzeko eta teknologi berrien munduan murgiltzeko asmoz”, dio Leire Zabaletak, Logikalineko proiektu eta teknologia arduradunak.

Praktikak egiten ari diren bi lagunak bertako garapen eta sistemetakoteknikariekin batera ari dira buru-belarri, Luis Mari Muruak, adiministrazio eta giza baliabideen arduradunak dionez. “Orain pasa den kurtsokoak ari dira hemen euren praktikak egiten. Azken batean guretzat bide berri bat irekitzen da eta aberasgarria da. Eurak guk burutu nahi dugun lan horretarako ikasi dute eta ekarpen handia egin diezagukete, eta gauzak ongi baldin badoaz, hemen lanean jarraitzeko aukera izan dezakete”, adierazi zuen.

Bi ikastetxetako arduradunek lehendik ere ba omen zuten Logikalinen berri eta Abaltzisketako enpresan ere izan ziren bisita egiten, akordioa lotu aurretik. “Hemen izan ziren, eta gustatu zitzaien hemen lana nola egiten zen. Azken batean bi aldeentzako da ona akordioa. Alde batetik beraiek euren ikasleek praktikak lantoki baten egitea segurtatzen dute eta guri berriz, perfil desberdineko langile berriakizateak bidea errazten digu”, dio Luis Marik.

Izan ere, Leirek dion moduan, arlo teknologikoa hobetzen jarraitu nahi dute, eta baita aukerak zabaltzen ere. “Teknologiaren mundua sekulako abiadan doa, eta gauza berri asko agertzen ari dira, eta guk neurri berean hazi nahiko genuke, barruko zerbitzuak teknologi aldetik hobetzeko, eta gure bezeroei aukera eta aurrerapen denak eskeini ahal izateko”´, deritzo.