Festa, kirola eta eta kultura uztartu ziren Amezketan eta Abaltzisketan, aipaturiko bi herrietako konbinatuak eta Real Sociedadeko beteranoek jokatu zuten areto futbol partida aitzakitzat hartuta. Azkenean donostiarrek irabazi zuten 3-7, baina egun hau areto futbola baino gehiago izan zen.

Amezketako Larrunarri pilotalekuko harmailek itxura bikaina zuten, bai bertako jokalariak, eta baita ia orain arte telebistan, komunikabideetan edo kromo bildumetan ikusitako jokalariak bertatik bertara ikusi ahal izateko, eta bertaratu ziren denak atera ziren gustura.

Orbegozo, Loinaz, Irazusta, Zabala, Zudaire edo Santi Bakero kantxan aritu ziren, baina beraien taldea bultzatuz eta zaleekin egon ahal izateko Ligak eta Kopak irabazitako Lopez Ufarte eta Gorriz Amezketan izan ziren, baita Fuentes, jokalari eta presidente izandakoa, edo Cuyami, Elola edo Uria bezalako jokalariak ere bai, nahiz eta ezin izan zuten jokatu.

Han zen baita ere Mikel Etxarri, Euskal Selekzioko hautatzailea, Konbinatuko entrenatzailea den Aitor Muruarekin batera etxeko taldea gidatzen.

Partida bera oso polita izan zen, eta etxekoak ezustea ematetik oso gertu izan ziren. Goikoetxeak aurretik jarri zuen talde konbinatua, nahiz eta Dueñasek neurketa azkar berdindu zuen. Orduan etorri ziren, ordea, etxekoen unerik onenak. Aritz Muruak lortutako bi golen ostean, 3-1 jarri ziren aurretik etxekoak, eta neurketa atseden hartzera horrela joango zela zirudienean, Aizpuruak lortu zuen 3-2koa.

Bigarren zatiari ere oso indartsu ekin zion konbinatuak, eta Iñaki Gorostidiren golak itxaropen handia eman zien beltzez aritu zen taldeari. Realaren erreakzioa orduan etorri zen bost gol sartu eta neurketa 4-7 euren alde jartzeko. Amaieran txalo zaparrada handia izan zen, zaleek jakin baitzuten eskertzen denak egin zuten lan handia eta baita emandako ikuskizuna ere. Partidaren ostean sari banaketa izan zen.

Hala ere, goizean ez zen areto futbola bakarrik izan, Anjelmari Peñagarikano eta Bixente Gorostidi han aritu baitziren bertsotan, bai hasi aurretik, atsedenean eta baita amaiutakoan ere. Amezketako ekitaldia bukatu ostean, festak Abaltzisketan jarraitu zuen. Hasteko, denak Logikalineko instalazioak ikustera joan ziren, eta han entzun zituzten arreta handiarekin bertako Gerentea, eta egun horretan golegile izan zen Iñaki Gorostidiren argibideak.

Ondoren bazkari gozoa dastatu zuten denek, lehengo kontu zaharrak astinduz, eta tartean bi bertsolariek ere saio ederra egin zuten denen txalo artean. Opariak ere izan ziren, Realeko jokalariek dena antolatu zuen Iñaki Gorostidiri taldeko elastikoa eman zien, partidan parte hartu zuen talde zuri-urdineko jokalari guztiak sinatuta.  Eguna, amaitzeko, argazkiak egiteko tenorea iritsi zen, eta horretarako Txindokiren magala baliatu zen. Argazkien ostean, denek etxerako bidea hartu zuten, eta denek gustura utzi zuten Abaltzisketa, pasatutako eguna denen oritzapenean geratuko baita.