Hortaz, Logikalinek kudeatzen duen Eroski Cluben bezero arretak aitortza bikoitza izan du.

Certamen de los Líderes en Servicio deituriko sariketa urriaren 26an ospatu zen Madrilgo Wanda estadioan. Logikaline enpresako ordezkari batzuk bertan izan ziren, baina Abaltzisketan buru belarri lanean geratu zen gainerako lantaldeak ere izan zuen ospakizunetarako betarik. Izan ere, 24 orduko zerbitzua eskaintzen duen Contact Center batean telefonoak sekula mututzen ez badira ere, eta lanak etenik ez badu ere sariak ospatzeko izan ohi dira.

Talde lana eta 24 orduz 365 egunez tentu handiz eskainitako lana da Madrilen saritu dutena, eta egunero ahalegin horretan aritzen diren langileek gustura jaso dute euren lanaren aitortza. Iurre Tolosaren esanetan, esaterako, “gure lanaren aitorpen honek talde lanaren garrantzia islatzen du”. Tolosak bi urte eta erdi baino gehiago daramatza Eroskiren beharrei erantzuten; bai deiak jasotzen eta baita Back Office edo atzeko kudeaketa lanak eginez ere. Sari hau, “ilusio berarekin eta norabide berean lanean jarraitzeko motibazio iturri” izango dela dio.

Paula Garciak ere ederki ezagutzen du Eroskiren bezero arreta. Hiru urtetik gora daramatza bertan lanean, eta Eroski Cluben bezero arreta abian jarri zuen lehen operadoreetako bat da. Hasiera hura “kaotiko” samarra izan zela onartzen du Garciak, baina zerbitzua izugarri hobetu dela ziurtatzen du. Kanpotik jasotako sari eta aitortza guztiek hobekuntza hori azpimarratzen dutela uste du: “Gure lana ondo egiten dugula adierazten du sari honek”.

Maria Belza eta Eli Bujandak, berriz, ia urtebete daramate Eroski Clubeko Front Officen lanean eta eurek ere “ilusio eta poz handiarekin”  hartu dute berria: “Gure lana saritzea oso atsegina da. Ondo ari garela esan nahi du, eta egia esan ilusio izugarria egiten du”, dio Belzak.

Sari banaketaren biharamunean Logikaline-k mokadu bat eskaini zien bertako langileei. Gustura jaso zuten hamaiketakoa, ondo eginiko talde lanak ekarri duen saria taldean ospatu behar dela uste baitute: “Azken finean langileok geuk egunero egindako lanarekin lortutako saria da, eta gu ere ospakizunaren parte izatea justua eta beharrezkoa dela uste dut. Izugarri gustatzen zaigu gainera; beti hartzen dira gustura bai sariak eta baita hamaiketakoak ere”, dio Aitziber Lizaso, Back Office-eko arduradunetako batek. Paula Garcia operadorea ere iritzi berekoa da: “Enpresako sail bat ondo doanean, gainerako sailetan ere eragin positiboa izan ohi du. Enpresan giro ona edukitzeak eguneroko lanean eta jendearen umorean ere eragiten du”.

Jardunak ez du etenik eta ia ezinezkoa da 24 orduko zerbitzua eskaintzen duen Contact Centerrean taldean topa egitea edo talde argazki bat ateratzea, baina hona hemen ospakizun egunean zehar bildutako une batzuk; kalitatezko bezero arreta bat eskaintzen jarraitzeko konpromisoa duten langileen ospakizun uneak dira.

Premio Fidelización Eroski Club 2017