Aurki egingo diren foru eta udal hauteskundeak direla eta, Logikalinek Gipuzkoa osorako eta Lurraldeko zenbait herritarako egin diren hainbat inkesta eta sondeotan parte hartu du, hauteskundeen inguruko iritziak jasotzeko. Alde batetik, 28 izan dira hainbat udalerrietako informazio zuzena jasotzeko egin diren inkestak eta, bestetik, sondeo erraldoi bat egin da Gipuzkoa osoan, hauteskunde kanpainaren erdian.

Emaitza produktiboak zenbatzen baditugu, harro egoteko moduko zenbakiak topatuko ditugu: hamar mila elkarrizketa baino gehiago egin ditugu hilabete eta erdi baino gutxiagoan; baina, batez ere, hiru egun eta erdian 2128 inkesta egiteko erronkari aurre egiteko gai izan gara. Horretarako, 17.000 dei baino gehiago egin ditugu eta 8.000 pertsonekin baino gehiagorekin hitz egin dugu... hauteskunde kanpainaren erdi-erdian!!! Gauza bera aritu dira egiten, aldi berean gainera, beste hainbat enpresa, alderdi politiko eta hedabide eta horri guztiari esker ezagutu dugu ze zaila den lan hau egitea: "nori eman behar diozu botoa?" galdera delikatua egitea.

Espero zitekeen moduan, era guztietako erantzunak jaso ditugu, eta gogorra izan da, oso gogorra, baina genuen guztia eman dugu eta lortu dugu. Hala ere, emaitza kuantitatiboez haratago, kualitatiboa baloratu beharrean gaude, esperientziaren aldetik aurreratu duguna alegia; horrek, dudarik gabe, aurrerantzean hobeto lan egiten lagunduko digu eta hori balio erantsi bat da.