´´Ez nuen inondik inora horrelako agurrik espero, eta gainera ezustean harrapatu ninduten. Oso ongi ezkutatu zuten dena, eta sekulako ezustea eman zidaten. Oso une polita, beti gogoan eramango dudana izango da agurreko une hori´´, dio Annak. Izan ere Logikalinerentzat lanean pasatu dituen urteak oso onak izan omen dira beretzat. ´´Oso gustura jardun dut hemen lanean. Uste dut lanean gustura jarduteko giro ona izatea beharrezkoa dela, eta hemen badago. Lagun oso onak egin ditut´´, dio kataluniarrak.

 Abaltzisketako enpresan nola sartu zen ere oraindik gogoan dauka. ''2009an izan zen. Iragarki bat ikusi nuen kataluniera zekien pertsona eskatuz, eta deigarria egin zitzaidan, hemen, Euskal Herrian, lanerako kataluniera eskatzea. Deitu egin nien, eta elkarrizketa bat egiteko hitzordua jarri zidaten. Hortik aurrera enpresan hasi nintzen lanean, eta orain arte´´, dio.

 Abuztuaren amaieran, ordea, badoa, eta ongi pentsatuta duen zerbait dela onartu zuen. ´´Bizitzako etapa bat amaitu da hemen, eta berriro etxera noa beste etapa bati heltzeko. Hala ere etorriko naiz bisitan, hemen lagun oso onak uzten ditut, eta harreman horrek hor jarraituko du. Oso gustura aritu naiz zortzi urte hauetan lanean Logikalinen, eta aurrez esan bezala, eskeini zidaten omenaldia ere ez dut uste inoiz ahaztuko dudanik´´, dio.