Logikalineko langilea den Gonçalo Nunesek kalean du bere bigarren eleberria. Manual de un homicida da oraingoaren izenburua, eta aurrekoekin ez dauka zer ikusirik. Trilogia batekin lanean ari da, eta pasa den urtean horren lehen alea argitaratu zuen, El Buen dictador izenburuarekin, eta trilogia horrekin lanean jarraitzen du, baina bitartean beste liburu hau argitaratu du Abaltzisketako enpresako langileak.

´´Lisboan dago oinarrituta. Marina izeneko emakume bat da protagonista. Bera eta bere amorantearen artean hilketa bat gertatzen da, horren inguran doa liburu hau´´, esaten du Gonçalok. ´´Irakurtzeko arina dela uste dut, 120 orrialde ditu´´, eransten du.

Irakurtzeko erreza, eta erosteko ere oso merkea dela esan daiteke. Liburua bera erosi nahi duenak, 9 euroren truke erosi ahal izango du, eta online irakurri nahi duenak 1,80 euroren truke egin ahal izango du. ´´Oraingoz liburua portugaleraz eta espainoleraz dago. Udazkenerako ingelesez ere egotea espero dut´´, esaten du Logikalineko langileak.

Egindako lanarekin ere gustura agertu da Gonçalo. ´´Gustura geratu naiz. Batzuk esan didate asko gustatu zaiela, baina garrantzitsuena ni gustura geratzea da. Ez dut dirua egiteko idazten, nire afizioa hau da, eta gustatzen zaidana egiten dut´´, dio Nunesek.

Salmentak ere ongi doazela dio.´´Portugaleraz oso ongi ari da saltzen. Espainoleraz beranduago jarri nuen salgai, eta badoa. Argentinan edo Mexikon salmenta polita izaten ari da. Egia esan, nola doan gustora nago. Baina hemen kasu bitxia ere eman da, izan ere hau dela eta, nire lehen liburua ere gehiago saltzen ari dela ikusi dut´´, esaten du.

Gonçalo ez da geldirik egoteko horietakoa. Lehen liburua orain dela urte bat argitaratu zuen, orain bigarrena, baina beste bi ere idatzita dauzka. ´´El buen dictador liburuaren bigarren zatia ekainean portugaleraz kalean egotea espero dut. Bitartean, beste liburu bat ere idatzi dut. Santiagoko bidearen inguruan gertatzen den istorio bat da. Orain idatzita dago, eta zuzentzea falta da. Horrek denbora eramango du´´, esaten du.

Gonçalo independientea da. ´´Horrek nire erara lan egiteko aukera ematen dit. Argitaletxe batekin gauzak ezin dira horrela egin. Egia da zabaltzerako eta indarra ematerako garaian gehiago izaten dela, baina baldintzak ere oso ezberdinak dira. Nik ez dut hau dirua ateratzeko egiten´´, berresten du.

Logikalineko langileak azkeneko bi urte hauetan bi liburu argitaratu ditu, eta beste bi ere idatzita dauzka. ´´Hau da neri gustatzen zaidana. Neri libre nagoenean mendi buelta bat korrika egitea gustatzen zait, eta hor joaten naiz nire ideiak lantzen. Etxeratutakoan idatzi orri batean, eta gero liburua idazten hasteko prest egoten da´´, esaten du.

Garbi dauka berak, idaztea dela liburu bat argitaratzeko garaian errazena. ´´Nire kasuan idaztea da gauzarik errazena. Lehen esan bezala, ideiak aurretik izaten ditut, eta behin liburua idazten hasitakoan han dauzkat ohar guztiak, azkenean horiek idaztea da. Editatzea ere erreza izaten da, zailena zuzenketa lan hori izaten da. Hori lagunen bidez egiten dut, eta haiek ere, nik bezalaxe, denbora dutenean egiten dutenez, denborarik gehiena hor pasatzen dut´´, dio Gonçalok.

Orain arte argitaratu dituen bi liburuak, ordea, ez dute elkarrekin zer ikusirik, oso ezberdinak direlako. ´´Azken hau eleberri poliziakoa da, eta ez dakit berriro horrelakorik egingo dudan. Presiorik gabe idazten dut, niretzako idatzen dut, eta gero hori jendeari zabaldu, ez zait gehiegi kostatzen egiten dudana egitea. Horretarako, hori bai, denbora librea ongi kudeatu behar da, bestela zaila da, eta gero kritikak barneratzen ere jakin behar da, onak izaten direnean, eta beste batzuetan gustukoak ez direnean ere bai´´, esaten du jatorriz portugaldarra den Logikalineko langileak.

Hori bai, azkeneko eleberri honekin kritika onak izaten ari da, eta horrek indarra ematen dio aurrera egiteko. ´´Polita da eskolara joan umeak eramatera, eta han guraso batzuk esatea liburua erosi, irakurri eta gustatu zaiela, edo munduko beste puntatik ere tankerako gauzak aipatzea. Neri idaztea gustatzen zait, eta aurrera egingo dut´´, dio Gonçalok.

El trabajador de Logikaline Gonzalo Nunes publica su primera novela