Azaroaren 20a egun seinalatua izaten da urtero hainbat arrazoirengatik, baina aurten beste motibo bat gehitu zaio egun horri seinalatua izaten jarraitzeko guretzat: Herri Txiki Infernu Handi programak Abaltzisketa herriari eskaini zion saioa.

Telebistako programa batean norberaren herria agertzea gauza atsegina izaten da, batez ere herri txikiek ez dutelako zirriztu handirik izaten bere burua azaltzeko. Guri dagokigunez, ordea, programa doble atsegina izan zen, Logikaline ere azaldu zelako. Zuhaitz Gurrutxagak eta programak berak, oro har, oso ondo azaldu zituzten Logikaline nola sortu zen, zer-nolako pertsonalak lan egiten duen, enpresak ematen dituen zerbitzuak… Zuhaitz, gainera, lasai geratu zen, egunen batean igogailuan ataskatuta geratzen bada ere badakielako Abaltzisketatik lagunduko diela lasaitzen eta apurutik ateratzen. Aitortu beharra dago oso ondo egiten dutela lana: jendea begirunez tratatzen dute eta istorioak egoki kontatzen dituzte umore punttu elegante batez. Gauzak diren bezala!

Baina, Logikaline programan agertu zen moduan agertu izanak harrotasun ttantto bat eman digu denoi. Herri txikien etorkizuna landutako ondasuna izaten da, dedikazio handia eskatzen duen kontua da, baina Logikalinek erakutsi zuen herri txikietan ere posible dela ez bakarrik bizitzea, lo egitea, baizik eta bizimodua ateratzea ere bai, kasu honetan punta-puntako teknologia baliatuz. Programan aipatu zen “ganbara digitala” dela Logikalinen lanean dihardutenen lantokia. Garai batean, belar ondua eta masalaxtoa gordetzeko, txorizoak zintzilika lehortzeko… erabiltzen zen ganbara zuntz optikoa sartu eta parke teknologiko aurreratu eta modernoenek beretzat nahiko lituzketen zerbitzuak emateko erabiltzen da orain, halako parke teknologikoen inongo inbidiarik gabe parke natural bikain batean egiten da lan, Txindokiren magalean, Txindoki bera, Balerdi mediak, Gaztelu, Ataun aldeko mendiak, Aitzgorri, Murumendi eta Ernio bistan direla.

Horrela, bada, Logikalinek erakutsi du herri txikietan konfiantza eduki behar dela, merezi duela herri txikien alde lan egitea, ez dagoela zertan etsi eta herri handiagoei begira jarri nahi eta nahi ez; erakutsi du, gaur egun, posible dela baserritar eta artzainekin batera, ganaduen eta ardien artean bizimodua ateratzea beste aktibitate klase batzuen bidez. Horretan izan da eta da Logikaline aitzindaria eta inobatzailea, ez bakarrik punta-puntako teknologia erabiltzen duelako edo duela gutxi arte herri txiki batetik ematea pentsaezinak ziren zerbitzuak ematen dituelako, baizik eta batez ere mundu osoari edo hala ikusi nahi duten guztiei demostratu dielako herri txikietan posible dela beste edozein herri edo hirietan ematen diren zerbitzuak ematea, bertan bizitzea eta, horri esker, badaudela motiboak etsipena kanporatu eta itxaropena barneratzeko.