Diputazioak lehiaketa bidez aurkeztutako ikerketa soziologiko bat burutuko du Logikalinek datozen hilabeteotan. Ikerketa honek gipuzkoarrek udalekiko eta Aldundiarekiko duten pertzepzioa, eta hiritarren beraien parte-hartze politiko eta soziala aztertuko ditu. Ikerketak bi azterketa mota izango ditu, kualitatiboa bata eta kuantitatiboa bestea.

Ikerketa kualitatiboa aurrera eramateko, elkarlan akordio bat gauzatu du Logikalinek Andoaingo Aztiker enpresarekin; ikerketa kuantitatiboa ordea oso osorik burutuko da Logikalinek Abaltzisketan duen egoitzan, ikerketaren diseinutik hasi, telefonoz egingo diren inkestekin jarraitu eta amaierako analisia gauzatu arte.

Erronka berri hau martxan dugu dagoeneko, eta azaroaren amaiera aldera jasoko ditu fruituak, beti bezala aurrez gogotik lan egin ostean. Ikerketa honen datuak eta ondorioak urte amaiera aldera plazaratuko dira.