Altuna abizena bolo-bolo ibili da azkeneko hilabete hauetan eta ez da gutxiagorako, azkeneko sei hilabetetan Jokin Altunak bakarka jokatzen diren bi txapelak irabazi bait ditu; Lau eta Erdikoa eta Buruz Burukoa. Bere arreba, Nekane, Logikalinen dabil lanean, eta berak argituko digu guzti hau nola bizi izan duen.
Nekane, edo Altunaren arreba. Nola zara lantokian?
Nik uste dut Nekane naizela. Lehendik ezagutzen nautenentzat beti horrela izan naiz, eta orokorrean horrela naizela uste dut. Dena dela, askok ia orain arte jakin ere ez zuten egingo Jokin Altuna nire anaia zenik.
Jadanik badakite zure anaia zein den?
Orain uste dut baietz. Begira, Gabonak inguruan egin genuen afari bat, eta uste dut askok orduan jakin zutela zein zen nire anaia.
Nola bizi izan duzu lantokian zure anaiaren egoera hau?
Beno, azkenean nahiko lasai joan da. Egia da Buruz Buruko finalaren aurretik galdetzen zidatela ea nola zegoen, eta horrelako gauzak, eta tartean bazen Aimarren aldeko norbait ere, baina nahiko lasai. Ostiralean bai, denak animoak ematen zizkidaten, eta eskertzen dira horrelakoak.
eta ondoren?
Oraingoan astelehenean jai egin nuen. Lau eta Erdiko finalaren ostean ezin izan nuen jai egin, eta astelehena gogorra izan zen. Oraingoan erabaki nuen galdu edo irabazi, astelehenean jai egitea. Asteartean etorri nintzen eta zorion asko jaso nituen, eta egia esan eskertzen da.
Sarrerak ere lortzen dituzu lantokirako?
Bi sarrera eskatzen dizkidate hemen zotz egiteko. Nik Jokini esaten diot eta pilotari bakoitzak beretzat izaten dituenez ez da arazorik izaten. Politak dira horrelako gauzak.
Anaiak eta zuk lotura handia izan duzue beti, ezta?
Bai, bai, beti. Txiki txikitatik ibili izan gara batera, berarekin pilotan ere jokatzen nuen txikiak ginenean. Gogoratzen naiz, behin, gainera, txapelketa baterako eman zutela nire izena, eta ez nintzen joan, lotsatu egiten nintzelako. Beti ibili izan gara anaia eta biok elkarrekin.
Nola bizi izan zenituen finalaren aurreko egunak?
Egunak bereziak izaten dira. Egia esan Jokini ez zaio gustatzen etxean horri buruz asko hitz egitea, eta saiatzen gara ez hitzegiten. Bestela ere buruan besterik ez genuen guk, eta hark pentsa ze izango zuen. Lanera etortzeak mesede egiten zidan, burua lanerako jartzen nuen, eta finala ordu batzuetan burutik kentzen nuen.
Nola gogoratzen dituzu finalaren aurreko orduak?
Oso urduri nengoela gogoan dut. Goizean zazpiretarako esna nengoela eta nire anaia baino lehen esnatu nintzela ere bai. Gero, biak batera jaiki ginen eta elkarrekin gosaldu genuen. Lau eta Erdiko finalera herrian antolatzen duten autobusean joan nintzen, goizetik, baina oraingoan erabakita neukan berarekin batera joatea. Goiza lasai pasatu genuen, eta elkarrekin bazkaldu eta batera joan ginen pilotalekura. Behin hara iritsitakoan, ez genuen kantxara atera arte ikusi.
Begirada batekin konturatzen zara Jokin nola dagoen?
Bai, bai, berari begiratua badakit lasai edo urduri dagoen, nola dagoen, eta atera bezain azkar konturatu nintzen orduan urduri zegoela. Gero lasaitzen joan zen.
Nola bizi izan dituzu Jokinen azken bi garaipen handiak?
Bietan sentsazio ezberdinak izan ditut. Lau eta Erdikoan poza eta emozioa ikaragarria izan ziren, negarrez amaitu nuen. Buruz Burukoa amaitu zenean, sinestu ezinik geratu nintzen. Bakarkakoa irabaztea zailagoa ikusten zen, baina lortu du. Poza ikaragarria izan zen.
Eta gero festa herrian.
Hori da, oso polita izan zen. Bueltako bidaia ere berarekin egin nuen, eta Amezketakoa handia izan zen. Lantokiko batzuk ere han ikusi nituen, eta oso hunkigarria izan zen. Egun ederra izan zen, amaiera bikainarekin.
Emakumezkoen esku pilota indartzen ari den honetan, ez zinateke jokatzera animatuko?
Ez, ez, eta pilota asko gustatzen zait, baino ez. Begira, etxean oso familia pilotazalea gara. Orain anaia da, baina lehen bi osabak ziren, biak ere erremontistak. Haiek ikustera joaten ginen eta etxean Jokinek eta biok eskuzkoak elkarrekin ikusten genituen, biok ere Irujoren aldekoak ginen, baina ni jokatzeko, ez.