Markel Olano: "Udalerri txikien etorkizuna bermatzea da Gipuzkoarentzako iraunkortasun politikarik onena"

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano Abaltzisketara joan da Logika, SA enpresa, udalerriko azpiegiturak eta Larraitzeko parke naturalean burututako ekintzak ikustera eta, udaletxean, Jesús Mari Gorostidi alkatearekin eta udalbatzako kideekin bildu da. Bisitan berarekin batera izan du Landa Ingurunearen Garapeneko diputatu Rafael Uribarren.

Alkateak harrera egin ondoren, diputatu nagusiak adierazi du legealdian zehar Gipuzkoako udalerriak bisitatzeko asmoa duela, horien errealitatea, etorkizuneko proiektuak eta foru erakundeak horien helburuak lortzeko eskainitako lankidetza hurbiletik ezagutzeko. Udalbatzarekin bildu ondoren, adierazi du landaguneak mantentzea eta herrigune txikietako bizi kalitatea hobetzea direla landa ingurunearen euskarri eta funtsezkoak direla Gipuzkoak egun duen lurralde oreka mantentzeko. "Landako udalerri txikietara zuzentzen diren eta haien etorkizuna bermatu eta udal gipuzkoar guztiak homologatzen dituzten diskriminazio positiboko ekimenak dira Gipuzkoaren benetako iraunkortasunerako politikarik onena."

Olanok aitortu du udal txikiek zailtasun handiak dituztela ekipamenduetako eta obretako inbertsioei aurre egiteko, nahiz eta zenbateko txikikoa izan, aurrekontu oso justua baitute. Horrez gain, "berariazko jarduketak eskatzen dituen habitat oso sakabanatutik ondorioztatutako gastuei ere aurre egin behar diete". Ildo horretan, gogoratu du Gipuzkoan 2.000 biztanle baino gutxiagoko 47 udalerri daudela, udal guztien % 53 suposatzen dutenak.

Diputatu nagusia baikor azaldu da landaguneen etorkizunari dagokionez, egiaztatu baitu ondo prestatutako belaunaldi berriak, "tokiko errealitatea kontuan hartzen duen ikuspegi orokorra dutenak", ari baitira udalerri horien agintea hartzen.

Markel Olano eta Rafael Uribarrenek izan dute foru aldundiarekin lankidetzan egindako proiektuen berri, Abaltzisketako edo aldameneko Orendaingo saneamendua edo interneterako sarbiderako banda zabalaren ezarpena kasu.

Jarraian, udalaren bigarren solairuan dagoen Logika enpresara joan dira eta udalerrian barrena ibili dira eskola, jolaslekuak eta Beheko kalea bisitatzeko.

Diputatu nagusiaren bisita Larraitzen amaitu da. Bertan errepidearen hobekuntzak eta parke naturalaren inguruan egindako jarduketak egiaztatu ahal izan dira.