Winston Churchill-ek esaten zuenez, "optimista batek beti aurkitzen du aukera bat zoritxarrean, pesimista batek beti aurkitzen du zoritxarra aukera batean." Dudarik gabe garai penagarriak bizi ditugu; ez arlo guztietan, baina bai egoera ekonomikoari dagokionez. Churchill-en esanetan, aukera handiko garaiak dira optimistentzat. Baina, zer da optimista izatea? Argi dago jarrera bat dela eta optimista on bat ez dela inuzentea, ondo informatutako bat dela. Baina badute zerbait gehiago optimistek: oso argi dute aukerak badaudela eta ez daude prest bat bera ere alferrik galtzeko. Ez dugu uste optimistek "aukerak" aurkitzen dituztenik beti, zenbaitetan hala gertatzen bada ere. Guk uste beren gaitasunaz fio direnez, garrantzitsua den hari heltzen diotenez eta gainbehera etortzen ez direnez, aukera horiek "sortzeko" edo sorrarazteko energia dutela. Beti edo ia beti optimistak direnak badira. Beste batzuk, era batera edo bestera, badakite Senekak zioena: "aurrez penatzen dena, bi aldiz penatzen da". Garai hauetan, ez gaitezen behar baino gehiago penatu, hobe dugu energia gordetzea eta aukera onak sorrarazteko gai garela pentsatzea. Ekonomia gogo aldarte bat bada, optimismorako garaia da, batzuetan beharrik gabe penatzen bagara ere.