San Juan bezperako tradiziaori jarraituz, sua eta dantza batu ziren Abaltzisketan udari ongi etorria emateko. Gainera herriko zaindaria San Juan izanda, bezperako ekitaldiek dizdira berezia hartzen dute.

Jendea batzerako plazaren erdian dena prest zegoen. Behin garaia iritsi zenerako, plaza jendez gainezka zegoen, eta ohiturari jarraituz, herriko apaiza eta alkatea atera ziren plazaren erdira. Behin apaizaren bedeinkapena jaso ostean, kanpai hotsekin eta alkatearen baimenarekin, sua piztu zen.

Horren ostean hasi zen dantza. Herriko gazte eta gaztetxoak plazaratu ziren. Aurrena alkateari agurra egin zioten dantzaren bidez, gero suari egin zioten erreberentzia. Hortik aurrera dantza ezberdinak egin zituzten, jendearen gozamenerako. Ordubete iraun zuen ekitaldiak, eta urteroko moduan, aurtengoan ere herritar eta kanpotik etorritako asko batu ziren ohitura honi jarraipena emateko. Ondoren, festak ez zuen Abaltzisketan etenik izan.