Olaia Eskitxabel

Orain dela bost urte landa garapeneko proiektu batetik sortu zen orain udaletxeko goikaldeko gelan kokatzen den Logika enpresa. Proiektua lantzen izan zen hasieratik egun Logikako telemarketing sailaren arduraduna den Iñaki Gorostidi abaltzisketarra. Berak zehaztu duenez, "Langa zeritzon programaren barruan kokatzen zen eta herria sustatzera begirako proiektua" izan zen aipaturikoa.

Proiektu hori zehaztearekin batera eta Mendikoiren eta Tolomendiren laguntzaz iritsi zen Logika S.A. enpresaren sorrera, 2002ko ekainean. Moeta honetako enpresa bat landa eremua batean ezartzen den lehenengo enpresa da, gainera, Abaltzisketako hau.

Zerbitzuak

Telemarketing zerbitzua, itzulpengintzarena eta digitalizazio masiboarena dira enpresa honek eskaintzen dituen hiru zerbitzuak.

Telemarketingari dagokionez, inkestak eta merkatu sondeoak gauzatzea, datu baseen eguneratzea... dira Logika-k gauzatzen dituen lanetako batzuk.

Itzulpengintza lanak ere gauzatzen dira bertan; gehienbat "erderatik euskararako itzulpenak" egiten direla azaldu du itzulpen saileko arduradunak, Luis Mari Muruak. Enpresetako albaranak, planoak... euskarri digitalera pasatzea da, azkenik, digitalizazio zerbitzuan egiten diren lanetako batzuk.

Enpresa honetan, egun 30 langile ari dira lanean. Lanpostuak sortu ezezik hauek "mantentzea" ere bada enpresa honen helburuetako bat, horretarako, langilegoaren forma-kuntzara begirako ikastaro desberdinak antolatzen direla zehaztu du Muruak.