Logikaline (LGK):Zenbat denbora daramazu lanean Logikalinen?- Zerk ekarri zintuen honuntza?

Ione Larrea (I.L): Datorren urteko otsailaren 9an 10 urte egingo ditut Logikalinen. Nik Andoaingo enpresa batean egiten nuen lan eta ixtear zegoen. Logikalinen Oronarentzat lan egiteko aukera sortu zen, eta gaur arte.

LGK: Zenbat lankidek osatzen duzue Oronako lan taldea?

I.L: Un honetan 30 lagun inguru, jarduera ezberdinak egiten, baina gehien bat, arreta zerbitzua egiten dugu.

LGK: Ideo eraikinean aritzen zaretenok, zertaz arduratzen zarete?

I.L: Aurrez esan bezala, orokorrean bezeroei arreta zerbitzua eskaintzen zaie. Horrela, igogailuen matxurak atenditzen ditugu, igogailuan barruan itxita geratzen diren pertsonen erreskatea kudeatzen dugu, bai estatu espainiarren (Balearrak eta Kanariak batuta) eta baita Portugalen ere. Horrez gain, administrazioko lanak ere egiten dira, eta barruko dei korporatiboak ere kudeatzen ditugu. Gero, bi lankide daude harreran, astelehenetik ostiralera, eta eurak kudeatzen dute Ideoko harrera.

LGK: Zuen txanda 24 ordukoa da, eta hizkuntza ezberdinetan?

I.L: Bai, eguneko 24 ordutan egoten gara, eta urteko egun guztietan.

Call Centerren plataforma ezberdinak daude, eta bertan portugesez, ingeleraz, katalaneraz eta euskaraz  atenditzen da. Astean zehar, eta bulegoko orduetan frantsesez dei korporatiboak ere hartzen dira.

LGK: Anekdota bereziren batekin oroitzen zara?

I.L: Urte guzti hauetan anekdota asko izan dira, baina hau oso deigarria egin zitzaigun Igogailuko Laguntza eskatzeko lekutik gurekin edonor jarri daiteke harremanetan. Kasu honetan, ordea, bezeroak ez zeukan arazoa igogailuarekin. Larunbat goiz bateko 10.00ak ziren, eta Lanzaroteko hotel batetik sartu zitzaigun deia.

Operatzailea: Orona, egunon!

Bezeroa: Kaixo!. Begira Arrecifeko Gran Hotelean nago eta sonanbuloa naiz.

Operatzailea: Itxita zaude?

Bezeroa: Ez, baina lagundu egin behar didazu. Sonanbuloa naiz, eta pasiloan esnatu naiz, eta ezin naiz sartu nire gelan, atea itxi delako.

Operatzailea: Barkatu, baina telefono zerbitzu hau itxita geratzen diren pertsonentzako da.

Bezeroa: Baina lagundu behar didazu. Ezin naiz nire gelan sartu, mesedez!. Harrerara deitu behar duzu eta hemen nagoela esan behar diozu eta ezin naizela gelan sartu. Biluzik nago!. 1501eko gelakoa naiz eta ez daukat giltzarik. Biluzik nago….. mesedez!

Operatzailea: Barkatu, baina honek txantxa bat dirudi. Ezin zaitut lagundu.

Bezeroa: Mesedez, bilutsik nago, eta ezin naiz honela harrerara jaitsi.

Operatzailea: Ados. Begiratuko dut ea hoteleko telefono zenbakia daukadan eta esango dizut

Bezeroak: Eskerrik asko andereño eta mugi daitezela!

Harrerarekin harremanetan jarri ginenean, kontua kontatu genionean barre egiten zuen. Txantxa bat izango zela esan zigun, baina esan genion gu ere bera bezain harrituta geundela. Berak esan zigun zenbaki horretan pertsonak bazeudela, eta horrela agurtu ginen. Baina zalantza horrekin geratu ginen, ea txantxa bat zen edo ez, baina Contact Centerretik pasatu den gauzarik bitxienetakoa izan zen.

Hala ere ezin izan genuen itxaron eta  hotelera deitu genuen jakiteko egia zen, eta azkenean bai, egia zen dena, eta bezeroak, laguntza asko eskertu zigun.

Nolakoa da holako eraikin batetik lan egitea? Arratsaldetan kolorea aldatzen dela diote…..

Pertsonalki eraikina ikaragarri gustatzen zait. Bulegoa handia eta erosoa da. Ez dago builaren zentzurik, nahiz eta jende asko ari den lanean.

Ideoko sarreran iturri bat dago, eta ilunabarretan koloreetako argiekin argitzen da. Argiak kristaletan isladatzen dira, eta horrek koloreak aldatzen direnaren sentsazioa ematen du.

Orona multinazional handi bat da. Herrialde ezberdinetan du bere jarduera. Hala ere zentralitara nondik iristen dira deirik gehienak?

Une honetan deirik gehienak Estatu espainiarretik eta Portugaletik sartzen dira. Egia da korporatiboki beste herrialdeetatik ere sartzen direla deiak, baina gutxiengoak dira.

LGK: Erabiltzaileek zergatik deitzen dute? Gorabehera berezirik egoten dela esango zenuke?

I.L: Deirik gehienak igogailuaren matxuraren bat izan delako izaten da, ez dabilela esateko. Gero, baita ere, barruan itxita geratu direla esateko, baina hori gutxiengoa izaten da. Geroz eta gehiago berriz zulotik behera gauzak erori direla esateko, giltzak, bastoiak, jostailuak….

LGK: Urteen poderioz, nola aldatu da Logikaline?

I.L: Ni hasi nintzenetik gauza batzuk aldatu dira. Oronan lan egiten genuenok, eraikinez aldatu gara, lankide gehiago daude. Beste programa batzuekin egiten dugu lan, email gehiago kudeatzen dira, nahiz eta lanerako oinarria bera izaten jarraitzen duen. Azkenaldian lan ardura handiagoa hartu duzu. Nola aldatu da Logikalinek Oronari ematen dion arreta estaldura?

Esan bezala, bezeroen beharretara moldatzen ari gara. Erabateko estaldura eskaintzen zaio, 24 orduko zerbitzua emanez, beti ere hobetzeko, eta bezeroen beharrei laguntzeko.

Nire laneko egoera berriari buruz, berriz, gauzak ongi egiteko asmoarekin eta ilusioarekin hartu dut, eta nigan jarri duten konfiantzarekin oso eskertuta nago.  Nire lankideei ere oso eskertuta nago, gauzak oso erraz jarri dizkidatelako, eta baita Contact Centerreko ikuskatzaileari ere. Erakusten ari zaidan guztiagatik eta egoera berrira moldatzen laguntzen ari zaidalako.

 

"Goizeko txanda da niretzako gustokoen"