Joan den otsailaren 22an Europa Leagueko partida jokatu zuen Realak Salzburgon, Austrian. Talde txuri-urdinak ez zuen hurrengo kanporaketarako txartelik lortu, 2-1 galdu baitzuen etxeko taldearen aurka.

Agian ez zen esperotako emaitza izan, baina Austriara bidaitu zuten ia 2.000 zaleentzako bidaia berezia izan zen. Baita Logikalineko kideentzako ere, batzuk Salzburgora bidaiatzeko aukera izan baitzuten.

Jakina da Logikalinek harreman estua duela Realarekin, lan harremanaz gain, futbolarekiko duten zaletasuna partekatzen baitute. Ilusio hori baliatuz, Logikalinek bi lagunentzako bidaia bat zozkatu zuen bere langileen artean. Cristian Cuadrado izan zen zorionekoa, eta bere aitarekin joan zen Salzburgora. Hegazkineko txartela, hotel batean bi gaueko egonaldia, eta partida aurreko gauean Realeko jokalariekin afari bat zozkatu zituen enpresak.

Contact Center-eko 24 orduko plataforman egiten du lan Cristianek eta ohean zegoen bidaiarako txartelaren zozketa egin zutenean, gaueko txandan lana egina baitzen. Pozik jaso zuen berria. Ikusle soila izatea baino nahiago du jokatzea, baina futbolzalea da eta Realzalea gainera. Bere aita Daniel ere halaxekoa da, futbolzale amorratua.

Bere aita izan zen, hain zuzen ere, Cristianen bidaia-laguna.  Jardunaldiaren egunagatik ez zen erraza izan Cristianen lagunen artean bidaiatzeko aukera zuenik topatzea, baina hori ez zen arazo izan, etxean aurkitu zuen boluntarioa. Austriara bidaia eta Realeko jokalariekin gainera, familian egiteko aukera bikaina!.

Jokalariek kontzentraturik egin zuten hegaldia, baina Cristianen arabera oso atsegina izan zen eurekin bidaiatzea: “Harrigarria da aurrez aurre ezagutzen dituzunean nola aldatzen diren. Oso atseginak eta gertukoak dira. Partidaren garrantziagatik nahiko kontzentratuta zeuden denak, baina oso jatorrak iruditu zitzaizkidan. Eta noski, argazkitxoren bat edo beste ateratzeko ere aprobetxatu nuen”.

Lehen bistadizoan Salzburgo ez zitzaion asko gustatu Cristiani, baina gida bat izan zuten egonaldian, eta haren eskutik berehala aldatu zuen iritzia: “Hiriko parte zaharra da gehien gustatu zitzaidana. Kale batetik bestera pasatzeko pasabide eta patioak zeuden eraikin artean. Gidaren arabera, garai batean zakarra pilatzen zen txoko ezkutu horietan, baina gaur egun denda txikiak, tabernak edo gozotegiak daude iskin bakoitzean. Oso toki erromantikoa da, oso aproposa lagun berezi batekin txokolate bero bat eta strudel bat hartzeko”, dio Cristianek.

Hiriko garagardotegi ospetsuena ezagutzeko aukera ere izan zuten. Zortzi areto dituen edaritegia da eta denetariko jendea biltzen da bertan garagardo on bat edateko aitzakian. Eta egunari amaiera emateko, Europako jatetxerik zaharrenean afari bikain bat dastatzeko aukera izan zuten.

Hotz egin ohi du Salzburgon, baina Cristianen arabera, merezi izan zuen pixka bat sufritzeak: “Bigarren egunean hotz pixka bat pasa genuen, baina giro bikaina zegoen parte zaharrean. Realzale gehiagorekin ere egin genuen topo eta ederki pasatu genuen. Bisita gidatua mendi muino batean bukatu genuen. Gaztelu zahar bat zegoen han, eta bertatik hiri guztia ikusten zen; toki zoragarria!”, dio Cristianek.

Harmailak zale txuri-urdinen animo oihuez girotuta, ia ez zuten hotzik nabaritu ere egin futbol zelaian. Ez zen partida ona izan, eta emaitza ere ez espero bezain ona, baina emaitzak emaitza, bidaiak utzitako aho-zapore onarekin geratu da Cristian.

Salzburgo 2017