Eguerdiko 12:30ak dira Abaltzisketako plazan. Beroa. Beroa eguraldia, aspaldian ez bezala kiskaltzen duelako eguzkiak, eta beroa giroa, izugarria baita jendetza, eta ez bakarrik San Joan jaiak ospatzen direlako, zer edo zer berezia gertatzear delako baizik. Bi urte aurrerago bezala, eztabaida batetan ernaldu zen desafio bat hastear da, beste behin ere Abaltzisketako plazan. Parean oraingoan Ataundar bat eta Beasaindar bat, igeltseroa lehena eta harakina bigarrena, baina ez dago ez adreilurik ez behikirik oholtza gainean, bi pago enbor dituzte zain aurkariek San Joan plazako oholtzan, bi kanaerdiko.

Aste batzuk lehenago Getariako txakolindegi baten hormek ikusi zituzten lagun biak eztabaidan; ez ziren ados jartzen aurrez hitz egindako aurrekontu baten inguruan eta eztabaidaren garraztasunak igeltseroaren aizkolari iragana ekarri zuen harakinaren ezpainetara. Igeltseroa ez zen gutxiago eta ez zuen aizkorako trebetasun asko ikusi bere lagun harakinarengan... zertarako behar gehiago, aizkorek erabakiko zuten nork zuen arrazoia. Igeltseroak eskarmentua bazuenez esku bateko aldea emango zion harakinari, eta kanaerdikoa esku bakarrez moztu beharko zuen. Bertan zen beste lagun batek, desafioa bere herriko festetan ospatzea proposatu zuten, toki neutralean, Abaltzisketan.

Heldu da ordua, eta hasi dira biak aizkoraz enborra kolpatzen. Mugimendu askorik ez da behar gaur izerdia gogotik botatzeko. Plazan bildu den jendetzak sagardoz eta txakolinez egiten dio aurre beroari. Kolpez kolpe, ataundarraren eskarmentua bistakoa da, baina ez da makala beasaindarraren ilusioa eta kemena. Biek hala biek gogor astintzen dute enborra, esperientzia ordea, balio garrantzitsua da halako lan batetan, eta ataungo igeltseroak , Iñaki Aierbek, ezkerreko besoa altxa du, orain arte bizkarrean eduki duen besoa, bere lana amaitu duenaren seinale. Iñaki Montoyak ordea ez du amore eman eta bere enborra ebaki arte ez ditu gaurko hartu dituen lana eta konpromisoa laga. Arrazoia gaurkoan Ataunera joan da, baina txapela bi lagun hauen buruetara, biek jantzi dutelako txapela eta elkarri bostekoa emanez, zuten desadostasuna konpondu dutelako.

Logikaline berriz izan da desafio baten lekuko, fisikoki, egoitzaren aurrean ospatu delako, baina babesle moduan ere bai; halakoek, bizi garen herriaren izenean eta izanean duten garrantziaz jabetzeen garelako.

Informazio gehiago (gazteleraz) bideo honetan (35:50 minututik aurrera): http://www.rtve.es/alacarta/videos/espana-directo/espana-directo-26-06-11/1138812/