Bai. Lasterketa amaitu zen. Korrikalariek ordubete eskas behar izan zuten, ibilbide osoa egiteko. Oso erritmo ona eraman zuten, adituen esanetan. Baina, nork irabazi zuen? Erabakita zegoenez, era honetan adieraziko zitzaien bailara osoari eta hurbildu ziren hainbat eta hainbat bisitariri irabazlea nor izan zen: suziri bat botako zen, irabazlea bakarlaria bazen, eta hiru, irabazlea hirukotea bazen. Eguerdian, hiru suziri lehertu ziren.Abaltzisketa pozez gainezka zegoen: gure mutilek, gure gizonek irabazi dute! Jabi Lasa famatuari irabazi zioten. Berehala, ardo botilak ireki zituzten eta garagardo freskoa atera zuten eguerdi bero hartan. Trikitixak herriko plaza nagusia hartu zuen, lasterketari ekin zitzaionekoa. Apustuak ordaindu eta kobratu jai giroan egin ziren. Hirukoteko korrikalariek Jabik azaldutako erresistentzia aitortu zuten: "Gizonak bezala lehiatu du lasterketa osoan zehar". "Hau guztia berari zor zaio. Berari esker sortu da hainbesteko interesa karrera honen inguruan". Jabik esan zuen asko gozatu zuela karreraz eta bere benetako helburua izan zela naturarekiko errespetu giro bat, bizimodu sanoago bat eta gure tradizioak berreskuratzea sustatzea. Dudarik ez dago Jabik lortu duela bere helburua. Alde horretatik, guztiek irabazletzat hartzen dute eta jendeak oraindik errespetu handiagoa dio. Mari, euskal mitologiako jainkoa pozik zegoen. Udako jaiegun batean, lau gizonezkok bisitatu zuten Txindokiko puntan duen etxean. Lasterketa honetan, laurek natura ez ezik beren burua ere desafiatu egin zuten. Guztiak pozik zeuden. Lau atleta kementsuak Mariren laguntzaileak eta zaintzaileak dira orain. Tradizioa berritu egin da, tradizio berri bat sortu da. Datorren urtean beste erronka bat botako da, beste bisita bat Txindokiko gailurrera. Beste udako egun bikain batean guztiak irabazle sentituko dira, beste behin.