Aurreko igandean, Logikalinek muga oso goian jarri zuen Adegiren Enpresen 12. Lasterketan: mutilen taldea azkarrenetakoen artean geratu zen.

Abaltzisketako contact center-ekoek lehen aldiz hartu zuten parte kirol ekitaldi honetan; hiru talde aritu ziren: neskena, mutilena eta mistoa. Podioa zapaldu ez arren, emaitza ezin hobea erdietsi zuten, talde-lana Logikalineren eguneroko kontua baita. Zerbaitengatik aukeratu gaituzte Enpresa Kultura Berriaren erreferente Gipuzkoan.    

Lasterketak ordubete eta laurden iraun zuen eta eguraldiak ez zuen errukirik izan, haize zakarra eta euria goian behean; baina, ez ziren kikildu lehian aritu ziren taldeak, 100 baino gehiago. Eta haien artean, Logikalineko gure hiru taldeak. Mutilen taldean aritu ziren Cristian Cuadrado, 44 orduko plataformako kidea; Carlos Orgaz, Oronaren Frantziako plataformako kidea; Cristian Pizarro, teknologi plataformako kidea; eta Iñaki Gorostidi, gerentea. Hiru taldeetatik denbora onena mutilen taldeak egin zuen, lasterketa berrogeita hamar minuturen azpitik egin zuen. 

Talde mistoko kide guztiak Eroski plataformakoak ziren: Miriam Lizarazu, Nerea Loriente eta Ainhoa Benítez, Aitor Ayestaranekin batera. Mutilen taldetik oso gertu ibili ziren. Eta nesken taldeak, berriz, amaiera ezin hobea eman zion. Nesken taldean aritu ziren Leire Elosegi, Giza Baliabideetako kidea, Maite Ugarte, departamentu digitaleko kidea, Vanesa Plaza, Oronako plataformako kidea, eta Ainara Urdalleta, UX departamentuko kidea. Guztiei gozamen izugarria zerien helmugara iritsi zirenean, besarkada estua eman zioten elkarri beren helburua lortu zutela ikusi zutenean, Gandhiren esaera ezaguna bete zuten:  “Gure saria esfortzua da, ez emaitza”.

Izan ere, esan daiteke enpresak taldean egiten diren lasterketak bezalakoak direla: biek ala biek guztien ahaleginaz funtzionatzen dute eta, lasterketetan, helmuga elkarrekin gurutzatzen duten moduan enpresetan ere saria, arrakasta elkarrekin ondo eginiko lanaren emaitza izaten da. Eta lasterketa honen ondoren, ez dugu besterik: korri egiten segi eta ADEGIk antolatutako lehiaketa hau hurrengo urtera arte agurtu.