Oinatz Bengoetxeak (Leitza, 1984) amaitu berri du eskuz eginiko ibilbidea, bere kirol ibilbidea alegia. Bide horren zati handi batean bidelagun izan du Jokin Altuna (1996), baina amezketarrari asko geratzen zaio oraindik aurretik.

Biek ala biek esku-pilotaz gradetatik gozatzeko makina bat aukera eman diete zaletuei. Gaurkoan, ordea, frontoietatik kanpo agertu dira, Abaltzisketako Ermentañen, pilotaren profesioari amaiera jartzeko ordua iristen den uneaz tertulia pixka bat egiteko, hainbat zaleturen aurrean. Logikaline enpresak estreinakoz eskainitako lehen ekitaldia izan da, enpresako langile, herritar, eta bezeroak mahaiaren bueltan hartu-emanerako batzea helburu duena.

Pilotatik bizitzea erabaki zutenetik frontoiko bizimoduak eman dienaz egin dute berba, baina galdera nagusi bati tiraka une oro: pilota eta gero zer? Hiru pareten arteko bide horretan, luzea edo laburra izan daiteke eskuz eginiko bidearen distantzia. Iñaki Gorostidi elkarrizketaren moderatzaileak (Abaltzisketa, Logikaline enpresako zuzendaria) esan duen moduan, bizitzaren denbora erregela batez neurtzen bada, kirolariei azkar iristen zaie erretiratzeko ordua, oso motz egiten zaie kirol ibilbidea.

Bien ibilbide profesionaletan, dena den, bi izarren distirak argitu ditu Amezketa eta Leitza, Gipuzkoa eta Nafarroa. Argi ikusi da, herri txiki oso bat nola elkartzen den, pilotari miresmenez begiratuz, kantxa baten bueltan; gerrikoa soinean dutenean herria jantzita sentitzen da. Edozein pilotariren ametsik gorenena benetan bizi izan dute: lehen mailako buruz buruko txapela. Batak bukatu berri du kirol ibilbidea; besteak, berriz, badu oraindik zer ibilia. Biak erreferenteak dira. Adinak adin eta amaierak amaiera, biek aitortu dute noiz edo noiz geroaz pentsatu izan dutela. Bengoetxeak dioenez, “pilotariek profesional izateari uzten diotenean, gehienak gutxi agertzen dira frontoira. Ez dakit zergatik izaten den hori; baina, nik argi neukan ez nuela nahi aldendu”.

Pilota kolpatuz edo keinu eginez, ibilbide bati amaiera edo hasiera emanez, kontua da bizitzaren beste etapa bati ekingo dioela Bengoetxeak. Kantxen beste aldean egongo da orain, baina kantxari lotua, agian irratiko erretransmisioetan ahotsa jarriz; era batera edo bestera, asteburuak 22 tantoko erregela bidez neurtzen jarraituko du.  

Txindokiren magalean. Pilotari baten pausoei begira, ez da galdera erraza Gorostidik planteatu duena, baina bi pilotarien arabera, “zortea da pilotaz bizitzea”. Pilota bizitzeko aukera eman diote lagun, herritar eta erreferente duten pilotari handi hori izatera iritsi nahi duen haurrari. Hasi berriak erreferente bati begiratzen dioenean, begirada hurbila eta gertukoa izaten da; erreferentea estimatua izaten da.

Pilotaren mundua barrutik nola bizi duten azaldu dute. Bixente Gorostidik (Amezketa, 1973) mahai gainera ekarri du enpresa pribatuek pilotaren errealitatean duten eragina. Uste du datozen pilotari gazteek pilotaren aldeko hautua ez egitea ekarri dezakeela, kirol honen inguruan duten kontrol eta eraginagatik.

Pilotaren bilakaeraz eta etorkizunaz gogoeta luzatu du Bixente Gorostidik. Frontoiak gainezka, oso jarraitzaile sutsuz beteta egotetik, telebistaren morroi izatera pasa den kirola dela uste du. Partidu jakinetan frontoiak bai betetzen dira; beste partidu askotan ikusten diren irudietan, aldiz, frontoiak nahiko hutsik agertzen dira. Elizekin konparatzen du bertsolari amezketarrak: “adineko jendea” nagusi. Altunak ere horren inguruan pentsatu izan du. Uste du pilota maila altuan dagoela, baina baduela bere arriskua: “egun puntual batzuetan jende asko joaten da frontoietara, baina beste batzuetan ez”. Uste du gauzak ondo egin ez diren ondorio izan daitekeela.

Beste kirol batzuekin alderatuta, Altunak uste du pilotariek ez dituztela beste kirol batzuetan dituzten erraztasunak, adibidez futbolarekin alderatuta: “ostiralean partidu bat jokatu eta, masaje baten beharrean egon arren, inor gabe aurkitzen zara”. Dena den, nabarmendu duenez, pilotak bere alde on eta txarrak ditu, beste kirol guztien modura. Horri lotuta, Bengoetxearen arabera, “pilotari bizitza bizimodu ona da, bere esfortzu eta sakrifizioekin”.

Ermentañek, tabernako ateak itxi baditu ere, hainbat eta hainbat pilota arratsalde eder eskaini ditu, tabernako barraren bueltan hainbat eta hainbat buruz buruko eta binakako norgehiagoka zirraragarri eskaini dizkie herritarrei eta, oro har, zaletuei. bakoitza. Adibide ezin hobea izan da erakusteko pilota nola bihurtu den herritarrak bertaratu eta elkartzeko motibo. Gaurkoa izan daiteke esker oneko keinu pilotarientzat eta abaltzisketarrentzat, afizioa eta ofizioa batzeko gunea. Azken baten, denon desioa da pilota guztion arnasgune izaten jarraitzea.