Gipuzkoa zuri-gorria? Zergatik ez? Nahiko helduak bagara eta gugan nahiko konfiantza badugu, zuri-gorriz jantzi eta Athletic-i Errege Koparako bidean laguntzeko. Batzen gaituen koloreen inguruan gure diferentziak baditugu ere, herri bera osatzen dugu. Mendi, kosta, otordu eta edari berdinak gustatzen zaizkigu, eta edonora joaten gara. Zergatik ez San Mameseko Katedralera? Zergatik ez Mestallara edo behar den beste edozein lekutara? Aitor dezagun: gutakoei laguntzea eta horiekin egotea dugu gustuko. Hirugarren batek batzen gaitu gehien, guretzat duguna kendu nahi izaten digunean. Eta, tradizioz, Kopa Athletic-ena izan da eta bada garaia bere jabearen eskuetara buelta dadin. Amaitu dezagun aitortza. Athletic-ek guztion laguntza behar du: gipuzkoarrona, arabarrena, nafarrena eta Pirinioez bestaldeko lehengusuena. Edo ez al da izan Athletic-en historian lurralde horietako jokalaririk? Guztiok bat egiten dugu, batasuna dugu gogoko: 7 - 1 finalean! Hori bai, Kopako garaipena ospatu ostean, gutako bakoitza bere koloreez jantziko da eta bere bailara, mendi edo kostara bueltatuko, batzen gaituen diferentzia horiekin jarraitzeko.

JOKOA AMAITUTA:

Hobe jokatu zuenak irabazi zuen. Guztiok irabazi genuen festa giroa eta kirotasuna erakutsiaz. Euskaldunok zaletasuna, mugikortasuna, moldagarritasuna eta bizi pozaren ezaugarri garela erakutsi genuen. Desafioei konfidantzaz aurre emateko dugun ahalmena. Oso euskaldunak garen arren nazioartekoak sentitzen gara eta oso irekiak garela frogatu dugu. Hori bai, errebantxaren zain gaude, posible den heinean!