Logikalinek bi lehiaketa irabazi ditu. Arreta zerbitzua eskaintzen duten enpresen arteko lehiaketan parte hartu du Eroskik, eta horietako bitan, irabazi egin du. Banatzaile handien arloan eta Fidelizazio txartelaren sariketan onena izan da Eroski, eta bi kasuetan Logikaline da arreta zerbitzua eskaintzen duena. Abaltzisketako enpresak hirugarren aldiz jarraian eraman du Banatzaile handien saria, eta Fidelizazio txartelarekin aurreneko aldiz irabazi du, baina aurten izan da arlo horretan aurkeztu den lehen aldia ere.
Madrilen egin zen sari banaketa, Wanda Metropolitano estadioko areto batean, eta bertan izan ziren Iñaki Gorostidi, Logikalineko Gerentea, eta baita Leire Zabaleta ere, Abaltzisketako enpresako proiektu eta teknologi arduraduna.
Lehiaketa honetan erabiltzaileek aukeratzen dituzte sektore bakoitzean arreta zerbitzurik onena eskaintzen duten enpresak. Lehiaketa irekia izaten da, eta nahi duten enpresek hartu dezakete parte, eta irabazleek urteko arreta zerbitzurik onena eskaintzen duen enpresaren ikurra erabili ahal izango dute urte osoan zehar.
Sotto Tempo enpresa izaten da azterketa egiten duena, eta berak erabakitzen du garailea zein den. Horretarako, seitik zortzi asteren tartean parte hartzen duten enpresen arreta zerbitzuak frogan jartzen ditu, erabiltzaile edo kliente papera hartuaz. Hortik ondorioztatzen du bakoitzak duen maila. Kasu honetan agenteek ez dute inondik inora jakiten deitzailea nor den.
Baina iritsi den lekura iristeko, Logikalinek barruko lan handia egiten du, prestakuntza handia dute bere agenteek. Abaltzisketako enpresak berak markatzen ditu helburuak. Kasu honetan, plataforma hauek duten helburuak, Eroskirenarekin bat egiten du.
Enpresa berak egiten ditu urtean zehar hainbat barne auditoria. Agente bakotzari argitzen zaizkio izan ditzakeen akatsak, lana hobetzen eta zuzetzen joateko, eta arlo hori oso garrantzitsua da, horri esker emaitza hobeak lortzeko bidea irekitzen baita. Udaberrian, gainera, Sotto Tempo enpresakoekin ikastaro bat egin zuen enpresak, egon zitezkeken akatsak zuzendu, eta hobetzeko. Egindako lanaren eta siakaera guztiaren ondorioz etortzen dira sariak.