Gaur egungo ekonomia krisi egoera egonda ere, gora egin dute %13,4 estatuan internet bidez egiten diren salmenta minoristek (B2C), igoera, aurreko urtekoa baino apalagoa izan bada ere. Igoera honen arrazoi nagusia internet bidezko erosle kopuruaren hazkundean topatuko dugu, hazkunde hau %15ekoa izan da eta gaur egun 15 milioi dira jada erosketak internet bidez egiten dituzten hiritarrak, hauetariko bakoitzaren bataz besteko urteko gastua 816 eurotakoa izanik. Honek Espainia Europar Batasuneko rankingeko bosgarren postuan jartzen du (Erresuma Batua, Alemania, Frantzia eta Italiaren atzetik). Internet bidez erosten duen eroslearen perfila honakoa da: 25-49 urte bitartekoa, 100000 biztanletik gorako guneetan bizi dena eta erosketok etxetik  bertatik egiten dituena.

Igoera hauek ordea, hausnartu dezakegu oso bestelakoak izan daitezkeela aurrera begira, merkataritza honi babesa ematen dioten zerbitzuei begiratzen badiegu. Erosleak, asko izanda ere, gaur egun estatuan internetera sarbidea duten biztanleen erdia baino ez dute suposatzen, honek oraindik konfiantza falta puntu bat badagoela adierazten du. Erabiltzen duten erosleen hiru laurdenek gainera, bezeroaren arretarako zerbitzuak erabili izana aitortzen du. Lotuta doaz beraz, nahi eta nahiez, merkataritza elektroniko arrakastatsua eta kalitatezko bezeroen arreta.

Merkataritza elektronikoak gaur egun duen beste erronka nagusia saltzaileengan dago, enpresa ertain eta txikiarengan oraindik ez duelako izan, potentzialki izan dezakeen eragina. Enpresok merkataritza elektronikoaren abantailak behar baino gutxiago erabiltzearen arrazoiak, merkataritza mota honek sor ditzakeen kostu eta zailtasunetan bilatu behar ditugu. Enpresa txiki zein ertain batek, behar bada, ezin die giza baliabide eta baliabide teknikoek suposatzen dituen gastuei aurre egin, baina “alokatu” dezake, bere modura egokitu daitekeen kanal anitzezko zerbitzu bat, telefono arretaz gain, e-maila, chata,… eta abarren bitartez bere bezeroen zalantza eta erreklamazioei irtenbidea emango diena.

Ekonomia globalizatuan lehiakor izateko ezinbesteko lanabesa da merkataritza elektronikoa eta honek behar beharrezkoak ditu konfiantza eta irisgarritasuna.

Datuen iturria: ONTSI (Observatorio Nacional de las Telecomunicaciones y la Sociedad de la Información)